BIDEZKO MERKATARITZA

Inoiz bidezko merkataritzako baloiak erosi izan ditugu, baina, kalitatearen aldetik ez dira oso onak izan. Iaz, Gizarte Zientzietan bidezko merkataritzako gaia landu zenez, berriz ere erabaki genuen gaiari heltzea eta sakontzea, eta ikusi genuen Eskoziako kooperatiba berri batek, Balasport-ek hain zuzen ere, bidezko merkataritzako baloiak saltzen zituela. DBHko 3.mailako ikasleekin Balasport web orrialdea aztertu genuen, eta bereziki erreparatu genion  agertzen den bideo laburrari. Horrek argi azaltzen baitu zergatik garrantzitsua den bidezko merkataritzako baloiak erostea.

 

Gizarte Zientzietako EKIko 3.Unitateak “Izan Zaitez Munduan Ikusi Nahi Duzun Aldaketaren egile / Be The Change You Wish To See In The World” proposatzen die ikasleei “Sentitu-Pentsatu-Ekin” metodologia jarraituta, hau da; nahiz eta gazte izan, arazo baten aurrean benetako hausnarketa egin ondoren, posible da irtenbideren bat aurkitzea. Bideoa ikusi ondoren, ikasleek berehala nahi izan zuten zerbait egin, eta ondorioz,  Gorputz Hezkuntzako irakasleari proposatu zioten Balasporteko baloiak erostea.

 

Bai Gorputz Hezkuntzako irakasleak eta bai EKE arduradunak ere begi onez ikusi zuten ikasleen proposamena, eta ondorioz 13 baloi erosi zituzten. Orain dela gutxi baloiak heldu dira eta ikasleek ikusi dute kalitatezko baloiak direla. Beraien ustez, aukera hau zabaldu egin behar da Ikastolen Elkartean, eta beraien asmoa da proposatzea Ikastolen Elkarteko Ikastolei bidezko merkataritzaren aldeko apustua egitea. Balasport-ez gain, Bretainiako Etikasportek ere baloiak saltzen ditu, eta hemen garai batean Eroskik ere Romester markako bidezko merkataritzako baloiak eskaintzen zituen.  

 

Erosketa arduratsua interesatzen bazaigu, bada kirol munduan aldaketak egiteko aukera. Gainera, EA21eko proiektuan aritzen diren ikastolei kontsumo gaia era praktikoan lantzeko aukera eskaintzen die.

Eguzkibegiko ikasleek argi daukate Balasport-eko baloiak oso onak direla, eta baloi hauei esker mundu justuago baten alde gol asko sartuko dituztela, garbi jokatuz gainera. Larramendi ikastolak apustu bera egin du. Eta zuek…?